viernes, 14 de febrero de 2014

Udal foroan udal arduradunek emandako erantzuna - Respuesta de las autoridades

Ikasleen aurkezpenaren ostean, udal-gobernuko ordezkariek 2013ko ekainean izandako foroan ikasleek egindako eskaerei erantzun diete, mugikortasun iraunkorrarekin lotura dute arloen arabera banatuta:

BIDEGORRIAK:

2 planoren laguntzarekin, Aitor Kerejetak azalpenak eman ditu:

- Butroi pasealekua: proiektatuta dagoen bizikleta-bideetako bat da. Oinezkoen eta bizikletaren erabiltzaileen arteko gatazkarik ez sortzeko, Udaletik oraindik ez dute erabaki zein trazatu izango duen.

- Bidasoa ibilbidea: hau ere proiektatuta dagoen beste bidegorri zati bat da.

- Donosti kalea: oraindik proiektuaren nondik norakoak definitu gabe daude.

- Gabarrari kaleko bidegorria duela gutxi amaitu zen (Irunerako bidean, Erriberatik San Juan de Dioseko biribilgunera doana, hain zuzen)

- Aireportu ondoko bideko bizikleta-bidea: proiektua egina dago baina Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokio lanak aurrera eramatea. Bidegorri honek biribilgunetik Amuterainoko zatia hartuko du. Errepidearen zabaltzen lanekin amaitu ondoren, espaloia hobetu eta bidegorria eraikitzea aurreikusten du Aldundiak. Hala ere, Udalak oraindik ez daki obra horiek noiz egingo diren.

- Mendeluko bidegorria aurten eraiki nahi du Udalak baina toki falta omen dago. Proiektua aurten idatzi nahi dute baina arazoa da oinezkoen espaloia gaur egun oso estua dela eta toki nahikorik ez dagoela bidegorri batentzako. Ildo honetan, Udalaren asmoa da Zubimuxuko erreka desbideratzea eta Plaiaundiko padura dagoen eremura eramatea (hau da, Alkain eta beste enpresak dauden poligonoaren atzetik joango litzateke erreka). Hasiera batean behintzat, Eusko Jaurlaritza ados dago aukera horrekin. Asmoa litzateke erreka desbideratu ondoren, errekaren gaur egungo bidea estali eta hor gainetik bidegorria eta oinezkoen bidea eraikitzea. Udalak aurten bertan gauzatu nahiko lituzke obrak hasteko beharrezkoak diren izapideak (tramitazio administratiboa, eskumen duten erakundeen oniritzia jasotzeko).

- Oraindik definitu gabe dauden herri-guneko eremu zehatzak: Udalaren kezketako bat da nola lotu Labrederko bidegorria Kosta ondotik igarotzen den zatiarekin. Udalaren ustez, ez da bideragarria Baserritar Etorbidetik bidegorria eraikitzea. Horren ordez, beste aukera bat da Donostia kalean trazatua eraikitzea baina alternatiba honek ere bere zailtasunak ditu. Izan ere, aparkalekuak ezabatu beharko lirateke edo errepideak noranzko bakarra izatea -aurten ikertuko du Udalak bigarren aukera hau-).

Garraio publikoaren arloari heldu aurretik, San José ikastetxeko irakasle koordinatzaileak (Iñigo Ruiz) Euskotreneko zerbitzua Hondarribira iristeko interesa agertu du. Hala ere, gai hau Eusko Jaurlaritzaren eskumena da. 

GARRAIO PUBLIKOA:

- Udalak bilerak egiten jarraitzen du Ekialdebus enpresarekin (eskualdeko autobus bidezko zein Donostia-Hondarribia autobus bidezko zerbitzuak ematen dituen enpresa) eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin. Bilera horietan, Udalak Hondarribiko herritarrei eragiten dieten zerbitzuak hobetzen jarraitzeko proposamenak aurkezten ditu.

- Autobus geltokietako markesinak: Udalak Cemusa enpresa kontratatzen du markesinen mantenu egokia bermatzeko. Behar den guztietan, geltokietako informazioa eguneratzen da. Markesina guztietan estalpea jartzeari dagokionez, 3 geltoki dira herrian bus-zutabea dutenak (horietako 2 Portu auzoan) eta Udalaren esanetan, horietan markesinarik eraikitzen ez bada horretarako toki nahikorik ez dagoelako da. 

ESPALOIAK ETA OINEZKOEN BIDEAK:

Plan Orokorraren idazketa garaian, Udalak Hondarribiko irisgarritasun plan bat idatzi zuen eta bertan herrian hobetu beharreko zenbait puntu agertzen ziren. Udal ordezkariek aipatutakoaren arabera, herrian obra berriak egiten diren bakoitzean irisgarritasun irizpideak aintzat hartzen dira. Jada eraikitako tokietan, aldiz, urtero Udala obra txikiak egiten joaten da (herriko puntu beltzak ezabatzen joateko).

BIDE HEZIKETAKO SAIOAK ESKOLETAN:

Txomin Sagarzazuk adierazi du saiatuko direla hiruhileko honetan proba pilotu bat martxan jartzen eskoletan. Horrela, udaltzain bat joango da joango da eskoletara eta bide-heziketako saio bat eramango du aurrera. Eskolek maila bat aukeratu beharko dute eta saioaren planifikazioa Udalak egingo luke. Ikasturte amaieran emaitzak baloratu eta hurrengo ikasturtean gai hau nola antolatu erabakiko luke Udalak. 

MOTORDUN IBILGAILUAK:

- Udalak ez du argi autoa partekatzeko egitasmoa nola jarri martxan.

- Motordun ibilgailuak Hondarribiko errepidetik doazenean abiadura moteltzeko neurriak ezartzeko intentzioa agertu dute udal ordezkariek. Udalak jada ezarri duen neurrietako bat da errepideak estutzearena eta beste aukera posible bat da "30 Km/orduko eremuak" ezartzearena. Jada martxan den beste neurri bat da radarrena (ezarritako abiadura maila gainditzen duten herritarrei isuna bidaltzen zaie eta Udalak egiaztatu du horrela abiaduraren mugak gehiago errespetatzen direla -oraingoz, Mendelun, Txiplaon eta Ramon Iribarrenen daude radarrak jarrita-).

ESKOLARA OINEZ:

Aurki definituko ditu Udalak, Izadi 21ekin batera, eman daitezkeen pausoak.

MUGIKORTASUN ASTEA:

Udalak eskolekin koordinatu nahiko luke, egitarauan barneratzeko zenbait ekintza zehazteko eta antolatzeko. 

Foroari amaieran eman aurretik, eskoletako irakasleek beste ekarpen batzuk egin dituzte:

Ø  Akartegiko Garbigunera bisitak egiteko aukera izan nahi dute eskolek (Mankomunitateak oraindik ez du baimentzen, segurtasun arrazoiengatik). Udal ordezkariek aipatu dute beharrezko pausoak emango dituztela azpiegitura honetara eskolek joateko aukera izan dezaten (ikustera eta azalpenak jasotzera -zertarako den, zer nolako hondakinak biltzen diren bertan, etab.-)

Ø  Ostalaritza establezimenduek Butroi pasealekuaren erdia hartzen dute, eta beste erdia oinezkoek eta bizikletek konpartitu behar dute. Alkateak aipatu du, establezimenduen barnean erretzea debekatzen duen legea indarrean jarri zenean, terrazak ere kanpoan jartzen hasi zirela, bezeroek kontsumitzen zuten bitartean erretzeko aukera izateko. Honi lotuta, badirudi pasealekua okupatzeko baimena Costas-ek eman duela (Espainiako Gobernua) eta tabernek eta jatetxeek tasa bat ordaintzen diotela Costas-i. Udalak ere uste du gehiegizkoa gertatzen dela egungo egoera eta Costas-ekin harremanetan jartzeko asmoa duela adierazi du Alkateak.

Ø  Marinako eskailera mekanikoei dagokionez, asteburuetan, gauez, eskailerak beranduago ixteko aukera planteatu da. Udalak adierazi du eskailerak zerbitzutik kanpo uztearen arrazoia segurtasuna dela (23:00ak arte erabili daitezke). 

No hay comentarios:

Publicar un comentario